EH Underground

 Carlo Barbera: "AGARTHA, La Sorgente Originaria" liburuaren egilea

 

"Euskal Herriaren lurrazpian mundu paraleloa dago"

 

 

Carlo Barbera italiarrak 42 urte ditu, eta horietako 20 "kontzientziaren esplorazioan" eman du, Agartha, Jatorriko Iturria liburuaren ohar biografikoaren, arabera. Ostielari! esan dionez, italiako autonomia operaia mugimenduaren garaian lan politikoa egin zuen. Halere, adierazi duenez, ez zuen mugimendu hartako partaide ugarik gero eginiko bideari jarraitu: hau da, ez zela Osho guruaren sektako partaide egin. Horren ordez, gaztetan izan zituen "bisitek" pizturiko ikerketa grinak gidaturiko xendan ibili da. Hitz egin zioten gizaki ez ziren izaki haiek nondik zetozen aurkitu nahiean, Euskal Herrira heldu zen duela hamar bat urte. Gure herria Lur planetaren barnean bizi den superzibilizazioaren "azaleratze gune" garrantzitsuenetako bat dela dio, eta euskaldunok "jatorriko arrazaren" lekuko garela lurrazalean. 1960ko hamarkadan hippy-ek Nepalera jotzen zuten bezala, XXI. mende hasiera honetan Euskal Herria mundu osoko bidaiari izpiritualen bisita-gune bilakatuko delakoan dago. Hori prestatzeko, ikerketa-gune bat antolatu nahian dabil Oiartzun (Gipuzkoa) aldean. Honez gain, Agartha eta Euskal Herriaren inguruko loturak azaltzeko Interneteko gune bat sortu du: www.arcadiaesoterica.it. Ostielak! Andoainen elkarrizketatu du.

Ostiela!: Zure teoriaren arabera mundu paraleloa dago lurraren barnean. Horri esaten diozue Agartha?

Carlo Barbera: Gure ustez lur planeta hutsik dago. Barnean hutsune handia dago, eguzki batek argiztatuta. Hutsune hori loturik dago kanpoaldearekin, tunel, kobazulo, galeria handien bidez. Badira lurraren gainazalean barneko hutsune horrekin lotura bereziki estua duten guneak. Agarta "barneko lurra" gisa ulertzen dugu guk, hutsune horren azal gisa.  Teoria geologiko honi ez dio, jakina, inongo onarpenik egiten zientza ofizialak, baina mende luzetan ikertua izan da. Halley astronomo ezagunak ere formulatu zuen.

Esfereak bi zulo handi ditu ipar eta hego muturretan. Zuloak ez daude beti zabalik. Sei hilabetero zabaltzen dira hainbat orduz, planeta bizirik dagoen organismoa baita, eta arnasketa du, sistolea eta diastolea. Teoriaren arabera, argi borealak barneko argitasuna zulootatik ateratzean sortzen dira.

Lurraren barneko zibilizazio horretako biztanleak, planetaren azal lodi horren grabitateak erakartzen ditu, guri bezala, baina gurekiko alderantziz daude, ispilu batean bezala.

 Ostiela!: Gaia teorian bezala, planeta bizirik dagoela erakutsiko luke horrek.

C.B.: Jakina, ideia Gaia teorian oinarritzen da. Agartha da barneko lurraren eremuari orokorrean ematen zaion izena. Tibeteko hitza da Agartha. Hango kulturan gordetzen dira barneko mundu horren inguruko informazio nagusiak. Besteak beste, Shambala delakoaren inguruan, hau da Agarthak lukeen zentru nagusia, nolabaiteko "hiriburua".

Ostiela!: Barandiaranek jaso zuenez, antzinako euskaldunek lurra kolpatzen zuten goizetan eguzkia atera zedin.

C.B.: Lurra eguzkiaren eta ilargiaren ama gisa ulertzen zutelako. Ezkutatzean, amaren sabelean sartzen dira, hau da lurraren barnera. Mundu paralelo hori argitzera, alegia.

Ostiela!: Teoria apur bat desmontatzearren... Nola egon daiteke eguzki bat lurraren barnean?

 C.B.: Ziurrenik ez da astro bat, kanpoan ikusten duguna bezalakoa. Indar kinetikoko nukleo bat da, ziurrenera, gasa, azken finean. Olaf Janssen Jainko Erretzaileaz mintzo zen bere alegian, eta Jules Vernek barneko eguzkiaz mintzo da, hain zuzen ere.

Ostiela!: Zure testuetan "jatorrizko arrazaz" mintzo zara, eta irlandarrak, bretoiak, indioak... sartzen dituzu. Zer dira hauek, antzinako herriak?

C.B.: Nik zera baieztatzen dut: Egun herri indigenaz definitzen direnek gordetzen dute beren kulturan, eta ziurrenik beren genetikan, antzinako ezagupen kodea. Herriok ez dira erabat kutsatuak, erabat eraldatuak izan. Mundu modernoa alterazio bat dela diot.

Ostiela!: Hortan sartzen dituzu euskaldunak? Cavalli-Sforza eta RH negatiboa...

C.B.: Duela gutxi Fermin Leizaola, Aranzadikoa, elkarrizketatu genuen. Ez daki nondik datozen euskaldunak, ez daki esaten zergatik den RH negatiboaren kontu hori... Badakite badela, baina ez dakite esaten zergatik. Zientzia ofizialak ez du erantzunik ematen euskaldunen jatorriaz. RH negatiboa ez da soilik euskaldunen ezaugarria, baizik eta beste herri indigena askorena. Horrek eramaten gaitu pentsatzera herrion genetika horretan, jatorriaren aztarna bat dagoela, sustrai bat. Orijinaltasun hori gordetzen dute, eta agertzen dute beren kulturan, eraso egiten dien mundu modernoari ezartzen dioten erresistentzia sisteman.

Ostiela!: Politikaz ari zara orain.

C.B.: Hain zuzen ere. Eragile ideologikoz gain, nire ustez herri indigenak dira matxinoenak. Euskaldunek, beste herri batzuk bezala, zapalkuntzaren kontrako izpiritua gordetzen dute; zapalkuntza hori franko-espainola, mexikarra edo estatubatuarra izan. Orijinaltasunaren zantzua da hori nire ustez.

Ostiela!: Jatorrizko arrazaren eta RH-ren ideia ez zaizkizu apur bat arriskutsuak iruditzen? Guri ez litzaiguke halakorik aireratzen ibiltzea otu ere egingo.

C.B.: Euskaldunek autodeterminazio eskubidea dute hizkuntzaren bitartez, euskararen bidez, ez definizio etniko edo genetikoren bitartez. Halere, arazo bat dago hemen: izan ere hizkuntza DNA da.  Ezin da hizkuntza genetikatik bereiztu.

 

"Hizkuntza DNA da"

--------------------------------------------------

"Euskal mitologia ia erabat lurrazpikoa, underground, den munduko bakarra da"

Ostiela!: Agartha eta Shambala argitu dituzu. Yapool da erabiltzen duzuen beste hitza. Zer da Yapool?

C.B.: Esan dugunez, lurraren barnekaldea kanpoaldearekin lotzen dituen zuloak badira. Giza gorpuaren egiturarekin parekatuz gero, horiek lirateke lurraren "chakra"-k. Zazpi edo bederatzi lirateke, sailkapenen arabera. Yapool da komunikazio gune handi horietako bat, lurrazpiko zibilizazioaren gune nagusietako bat, eta Euskal Herriaren azpian dago. Pirineoaldea hartzen du, eta Bizkaiko Golkoko itsasaldea. Agarthako zibilizazioaren instalakuntza handia da Yapool. Superzibilizazio batetaz ari gara, betiere. Askok esan dute fenomeno ufologikoa (OVNIak) espaziotik ez, baizik eta lurrazpiko zibilizaziotik datorrela.

Ostiela!: Atlantida ez zen galdu, ala? Hau ez da euskaldunok ezkutaturiko zibilizazio batekin, Atlantida kasu, lotzen gaituen lehenengo teoria. Nondik heldu zitzaizun lurrazpiko mundua eta Euskal Herria lotzeko lehenengo albistea?

C.B.: Izan ere, urte asko, bederatzi jada, daramatzat Euskal Herrira etortzen informazio horiek ikertzera, intuizio horren atzetik. Ni funtsean ikerlari izpirituala naiz, 20-25 urte daramatzat ikerketa izpiritualaren alorrean. Maisuak izan ditut, ekialdea ezagutu dut, neure ikasketak egin ditut. Ibilbide honetan, lortu dut perzepzio ahalmena garatzea, maila sotilekiko, presentziekiko, harremana lortu dut ziurrenera lurrazpian bizi diren izaki horiekin. Harreman mentala da, psikikoa. Euskal Herrira etortzea bidai psikikoa izan zen, jaso genuen informazioak funtsa ote zuen ikertzeko. Informazio horren arabera, leku honetan (Euskal Herrian) legoke Agarthari loturiko gune garrantzitsuenetako bat, azaleratze gune bat, manifestazio gunea.

Etorri eta lurraldearekin jarri ginen harremanetan: ederra, izugarria, distiratsua den lurralde honekin. Eta herritarrekin, lurraldeaz banatu ezin den populazioarekin. Euskaldunen kultura ezagutu, eta ikusi genuen antzinako sinesteetan, Barandiaran, Barojak, jasotakoak, gizakiak ez diren perstonai ugari daudela. Mari, jentilak, mairuak, intxixuak, lamiak, herensuge...

Ostiela!: Horietako asko, halere, Greziako tradiziotik etorriko ziren, ezta?

C.B.: Bai, baina orijinaltasuna dago mundu horren euskal ikuspegian. Ezaugarri funtsezkoa du: lurrazpikoa dela. Euskal mitologiako pertsonai guztiak, barrutik datoz. Harreman zuzena dute harpe, kobazulo, leizeekin. Euskal mitologia lekukotasun oso garrantzitsua da guretzat, ia erabat lurrazpikoa, underground, den munduko bakarra delako. Hori, nire ustez, Agathako mitoaren froga da, eta hemen gaude ikuspegi hau ikertzeko. Ikertzen dugu kobazuloetara joaten, argazkiak egiten, mitologiako zein genio dagoen loturik lekuekin aztertzen, toponimiarekin.

Ostiela!: Izan ere, espainolek euskaratik egin duten azken inportazioetako bat "zulo" hitza da, kutsu teluriko nabarmena duena.

"Saiatu gara, egungo sorgintza tradizioa bilatzen Euskal Herrian, baina ez dugu ezer aurkitu. Inkisizioa, berriz, erabat bizirik aurkitu dugu, Garzonen sorgin ehiza kasu"

Ostiela!: Nondik datorkizue zuei indigenekiko zaletasuna? Nondik zatozten galdetzeko modu bat da, azken finean. Indio sentitzen zarete zuek ere?

C.B.: Ni neure bizipen transzendentalen bidez abiatu nintzen, gaztetik. Harremanak izan ditut, ziurrenik mundu honetakoak ez diren pertsonaiekin. Lehenengoa 1984. urtean izan nuen. Hasieran gizakiarena ez den presentzia gisa agertzen zitzaizkidan, estralurtar gisa, alegia. Urte luzetan esperientzia horiek ikertzen aritu naiz. Beti izan naiz matxino, beti arauen aurka ibili den morroia naiz. Euskal Herrira abiatu ginen lehen aldian, 1997an, ez genekien ezer euskaldunei buruz. Ez genekien bere buruaz jabe izateko halako zailtasunak zituztela, ez genekien beste herrien preso zirela.

Ostiela!: Beraz, harremana izan zenuen lurraren barneko izaki batekin, eta Euskal Herrira etortzeko esan zizun?

C.B.: Hala da bai. Esan zidanez, leku honek izaugarrizko garrantzia du Agartha, barneko mundua, aurkitzeko, ezagutzeko eta ulertzeko. Izan ere, nire barneko munduaren aurkikuntza bilakatu da bidaia. Agartharako bidaia, bidai paraleloa da, norbere barnerako ibilaldia da. Norberaren jatorrizko izaera ezagutzen ez bada, ezin da ezagutu lurrarena. Agarthan ibiltzeko mugimendua, kontzientziaren mugimendua da.

Ostiela!: Euskaldunoi beti bilatu nahi izan dizkigute zeruak, arkadiak eta utopiak..., "Aurrean gozo" horri behingoz "bertan gozo" erantzuteko beharra nabarmentzen ari dira azken boladan. Orain lurrazpiko erresumekin egin beharko dugu amets?

C.B.: Nik ulertzen dudan moduan, Agartha ez da soilik lurrazpiko mundu bat. Barneko zibilizazioak eragin handia du kanpoko munduan. Maiztasun handiko dimentsio eremuak daude. Ezin dira ikutu, ikusezinak dira, ezin zara horietaz jabetu giza zentzumenen bidez. Baina baduzu dimentsio gune horiekin harremanetan jartzerik prozesu baten bidez, zure barnea aztertuta, barneko pertzepzioa landuta. Euskal Herrian badira guneak, Aiako Harria, Aralar, Urkiola..., natura aldetik babesturiko guneak dira, zibilizazio modernoak harrapatu gabekoak. Toki hauetan posible da, barnekoaren proiekzioak diren maiztasun gune horiekin harremanetan jartzea.

Ostiela!: Lurrazpian zibilizazio bat dagoela entzutean, burura datorkigu berehala honako galdera: Zer nolako antolakuntza politikoa dute Agartharrek?

C.B.: Nire ustez, funtsean autogestioan oinarrituriko antolakuntza daukate. Bada gobernu bat, halere. Himalayako kulturari begiratzen badiogu gobernu teokratikoa litzatekeela pentsatuko genuke, baina Agarthan halakorik ez dela uste dut nik. Lurrazpian, izatearen eta izakiaren ikuspegi erabat bestelakoa dute. Agarthako gobernuak ez ditu legeak ematen, ez da aginte inpositiboa. Irradiazio izpiritual baten bidez gobernatzen du. Planetaren funtzioak gobernatzen ditu, eta leinuen arteko elkarbizitza. Ez dago hauteskunderik, tribuek beren bizitza autogestionatzen dute. Talde bakoitzat beren eremua du, hizkuntza eta kultura. Elkarren errespetuan oinarrituta jarduten dute talde guztiok.

Ostiela!: Antropomorfoak dira, hau da guk (gutako batzuk behintzat) dugun itxura dute?

C.B.: Gurea baino, euskal mitologiako genioen antza dute. Esan bezala, hainbat leinu dira, hainbat jatorrikoak. Asko bertakoak dira, beste batzuen jatorria Lur planetatik at dago, talde zaharrenak dira hauek.

Ostiela!: Nolako ingurumenean bizi dira lurrazpian?

C.B.: Giroa erabat naturala da. Argia dezente ahulagoa da. Ez dago gau eta egun nabarmenik. Badago ziklo bat, eta eguzkiak erradiazioa apaltzen du tarteka. Landareria trinkoa da leinuen eremuetan. Tribuetaz mintzo naiz, talde etnikoak esan nahi dudala, baina teknologia aldetik guretzat zientzia fikzioko zibilizazioa da. Ez da ordea, guk ulertzen dugun moduko teknologia. Ingurumena erabat errespetatzen duen teknika da, bizi forma guztiak zaintzen dituena. Ingurumenarekiko eragin txikiko superzibilizazioa da.

Ostiela!: Esku hartzen dute azaleko aferetan?

C.B.: Bai, nik dakidanez esku hartzen ari dira planetak abian duen garbiketa prozesuan, egungo azaleko zibilizazioaren azkena ekarriko duen eraldaketa prozesuan, alegia. Beren burua defendatzen ari dira.

Ostiela!: James Lovelockek industrializazioa birus batekin alderatzen zuen. Mundializazioa minbizia da agartharrentzat? Kezkaturik al daude horrekin?

C.B.: Mundizalizazioa planetaz jabetu diren tiranoen jokua da. Mundializazioak balituzke gauza onak, herrien nortasuna errespetatuko balitu. Ez da hori, ordea, egun indarrean dagoen logika. Egungo jokabidea zapalketa, esplotazioa eta herri osoen suntsiketa da. Kanpoko mundua, nire kontzepzioaren arabera, barnekoaren ispilu-irudia da. Arazoa berriz zera da: Barnean superzibilizazioa dago, non izakiak beren etorkizuna erabakitzeko aske diren, beren bizitza gobernatzeko. Zer gertatu da hemen kanpoan, orduan, ispilu-irudi hori erabat bestelakoa izateko? Antza denez, norbaitek irudia bahitu eta menperatu du. Azaleko mundu osoa diktadura erraldoiak du azpian hartuta. Tirania horrek denbora eraldatu du funtsean, hau da, guk denboraz dugun kontzeptzioa.

Ostiela!: Beraz, zera esaten ari zara: barrukoa posible direnen arteko mundurik hoberena dela, eta kanpokoa, berriz, posible denen arteko okerrena?

C.B.: Bai. Kanpoko mundua eraldaturik dago, bizitzaren etsai den indar batek kutsaturik.

Ostiela!: Nondik dator indar hori? William S. Burroughsek ere indar hori bazela esaten zuen, eta berak Artizarratik (Venus) lengoaia gisa etorritako birusa zela zioen: "Lengoaia birusa da".

C.B.: Esan dut lehen, Agarthako talderik zaharrena izarretan zuela jatorria, Sirio-Orion inguruan. Haien kanpoko bertsioa gure-genetika-klonatu-nahi-duten-gizontxo-berde-estralurtarrak ote diren ez dakit. Baina bistan da akordioa egina dutela lurrazaleko handi-mandi eta boteretsuekin. Hauek bidea eman diete gizateriaren genetikan esku sartzeko. Besteek, ordainan, egun gure inguruan ikusten dugun teknologia eman diete. Mundializazioaren teknologia, multinazionalen teknologia, alien horien retro-teknologia besterik ez da, beren zaharkinak, alegia.

Ostiela!: Eta halere, infernua lurrazpian kokatzen dugu.

C.B.: Hori, kristautasunak ezartzen digun pentsakera dualistatik dator. Infernua/zerua, ongia/gaizkia... polaritate hori gezurrezkoa da. Azpian bezala da gainean lege alkemikoa onartzen dut nik. Halere, nire kulturaren parte gisa hartzen ditut infernuarekin loturiko kobazuloak, intxixuak, Pan jainkoa... Akelarrea da, bestalde, ikusten dudan fenomenorik interesgarri eta berrienetakoa. Antzinako kultura baten manifestazio berria da, zapalkuntzaren indarrekin topo egiten duena. Mitologia, orokorrean, harriaroko tradizioa da. Akelarrea, berriz, fenomeno kultural eta sozial aski berria da, eta guretzat askoz erosoagoa ikertzeko. Saiatu gara, egungo sorgintza tradizioa bilatzen Euskal Herrian, baina ez dugu ezer aurkitu. Inkisizioa, berriz, erabat bizirik aurkitu dugu, Garzonen sorgin ehiza kasu.

-------------------------------------------------------------------

Carlo Barberak Agartharrekin izaniko harremanak

Ostiela!: Zuk harreman zuzena izan duzu Agarthako biztanle talde batekin. Nola gertatu zen?

C.B.: Harreman fisikoa bizi izan nuen 1984. urtean. Ufologian "abdukzio" hitzarekin izendatzen duten experientzia gisa deskriba nezakeen. Lotan nengoela gertatu zen. Ordubetez inguru ohean lo nintzela, bat-batean iratzarri nintzen, eta ez nengoen jada nire ohean. Ez zen ametsa. Sentipen fisikoak erabat normalak ziren, esnaldiakoak berdin-berdinak. Zutik nintzen gela argitsu batean. Lasai nengoen. Gero tresna baten barruan nintzen, erietxetako eskaner hodi handi horietako baten moduko tramankuluan. Hodiaren azala, bainontzien esmaltearen bezalakoa zen. Eskuinean lehiatila bat zegoen, eta barruan indikadore batzuk eta hainbat botoi. Ikutzeko gogoa izan nuen, baina "hobe ez ikutzea" esan nion nire buruari. Lehiatilatik pertsonaia bat ikusi nuen kanpoan nire aldamenean eserita. Ez nion aurpegia ikusi. Longaina laranja bizia zuen jantzita. Ni baino altuago zegoen eserita, eta hankak ikusita, belaunetan urre koloreko bi eraztun zituela ikusi nuen. Egoera kontrolatzen ari zela zirudien.

Honetaz gain, beste bi figura ziren gelan. Niregana hurbildu eta horietako bat lehiatilatik begiratu ninduen. Irribarre egin zidan, eta eskuarekin agurtu. Estralurtar klasiko horien itxura zuen: Azal grisa, kaskaezur luzea, hiruki formako aurpegia. Baina espresioa oso bizia eta gozoa zuen. Gorputzaren mugimenduetan ekialdeko kutsua hartu nion, txinatar kutsua edo.

Gero berriz nengoen zutik. Beste perstonaia batek agertu ninduen, serio, eta zera esan zidan, ahoa mugitu gabe, telepatikoki, eta italianeraz, zeren eta oso ongi ulertu bainion: "Eztarria aztertu dizugu, ahotsa asko erabili beharko duzulako".

Nire ohean esnatu nintzen, erabat izerditua eta urduri. Nire lehen bizipena izan zen. Honek piztu zuen nire bilaketaren motorea.

Ostiela!: Orduan ez zizuten, ordea, Agartha edo Euskal Herriaren inguruko berririk eman.

C.B.: Ez, baina gorde izan dut lotura telepatikoa perstonaia horiekin. Ondorengo harremanak ez dira inoiz berriz izan lehen hura bezalakoak. Denborarekin ikasi ditut hainbat teknika, haiekin harremanetan jartzea bidea ematen didan kontzientzia egoera lortzeko. Mundu paraleloan sartzeko bidea irekitzen didate.

Ostiela!: Non daude Euskal Herrian Agarthara heltzeko erabiltzen dituzun sarbideak?

C.B.: Nik leizezuloak erabiltzen ditut. Bertan sartu eta arnasketa ariketak egiten ditut, nire burua lantzeko, nire kontzientzia, alegia. Hala egiten dut kutsadura ez izatea eta isiltasuna bilatzen ditudalako. Euskal Herriaren azpiko Yapool instalakuntza 50 kilometroko sakoneran dago, ez dut beraz hara fisikoki heltzeko inongo asmorik, jakina.

Ostiela!: Ezingo genuke, Barandiaranek jasotako mitoan jentilek egin omen zuten bezala, lurrazpira sartu Agarthan babesa hartzeko?

C.B.: Ezin dugu hori egin. Esan bezala, denbora aldatu digute mundua kontrolpean izan nahi duten tiranoek. Agartharako sarrerek espazioaren planoan bat egiten dute kanpoko mundu honetako sarbideekin, ez ordea, egun, denboraren planoan. Agarthara egin nahi duenak, bere barneko bidaiaren bidez egin beharko du.

 

 

<<back